• Euskara
  • Français
  • Etxeko hondakinen eta antzekoen murrizketa, bereizketa eta balioztatzearendako Sindikatu Mixtoa

    Urruñako “Croix des Bouquets” deitu lekuan, hondakin geldoen balioztatzeko eta metatzeko plataformaren obrak martxan dira.
    Magali Lartigue, hondakin geldoei buruzko kargudunak, leku horren misioak eta jokoan dena esplikatzen dizkigu.

    Zer da “Croix des Bouquets” deitu proiektua?

    Magali Lartigue: “Croix des Bouquets” proiektua, Urruñan kokatua den hondakin geldoen metatzeko plataforma bat da. Gune horri esker, horiek balioztatuko eta bilduko dira, hala nola obra hondakinak, betoia, adreiluak eta zeramikak…

    Urruñako herriko etxeak eta Bil Ta Garbi Sindikatuak aspalditik identifikatu zuten lekua. Baina legediaren aldaketak direla eta, estudio gehigarri garrantzitsuak eragin dituzte, proiektua bururaino eraman ahal izateko.

    Bitartean, 2018an, Pirineo Atlantikoko Prefetak, hondakin geldoen kudeaketaren ardura eman dio Bil Ta Garbi Sindikatuari, departamenduko mendebaldean den lurraldearentzat. Beharrezkoak ziren baimena guziak, Estatuaren zerbitzuek eman zituzten 2019ko urtarrilan. Hiru erabakiek dute proiektua baldintzatzen: terrenoaren lurberriketa, abere edota landare mota guzien babesa eta gunearen baliatzea. Ingurumenaren gan izan zitekeen inpaktuen menperatzeko, kalte-ordain neurriak hartu dira [Bideoa hemen ikusi]. Horien eramateko, aktore desberdinek dute parte hartu (Simethis estudio bulegoa, Donibane Lohitzuneko Baratze Botanikoa, Adeli elkartea, Itsas Bazterreko CPIEa…). Antolaketa obrak martxan dira eta gunea 2021ko hasieran idekiko dugula espero dugu.

    Nun kokatzen da lekua?

    Plataforma hori, Urruñako zentrotik 3,5 Kmtan kokatua da, hego mendebalderuntz, “Croix des Bouquets” deitu lekuan, departamenduko 810 bidea segituz.

    Zer nolako hedadura du?

    Guneak, 8,4 hektareako hedadura badu, horietarik 6 hondakin geldo baliozta ezinen metatzeko direlarik.

    Zer da hondakin geldo bat?

    Ingurumenaren araudiak dio hondakin geldo bat dela : “aldaketa fisiko, kimiko edo biologiko garrantzitsurik jasaten ez duen hondakin bat eta ondoan dituen materiak hondatuko ez dituena, ingurumenari edo gizakien osasunari kalterik eginen ez diona.”

    Zer da, balioztatze eta metatze gune horrek jokoan duena?


    ML:
    Helburu nagusia, hondakin geldoen balioztatzea eta metatzea da, horien berrerabilpenaren bultzatzeko. Metatzea, baliozta ezinentzat izanen da bakarrik, hala nola, lur metak. Hazkunde berdeari buruzko legeak dionaren arabera, eraikuntzatik eta obra publikoetatik heldu hondakinen %70a balioztatzea inposatzen du.

    Prefeturak, gunean lanean aritzeko baimena 10 urterako eman du. Baina hondakin geldoak balioztatuz gero, horien lurperatzeko partea gero eta tipiago izanen da, gunearen biziraupena luzatuz. Guneak, Iparraldeko hego kostaldetik heldu obra hondakinak tratatuko ditu gehienik. Hurbiltasuneko logika hau garrantzitsua da. Hondakinak orokorki, eta bereziki hondakin geldoen eskemaren elementu gako bat da. Interesatuak diren lurraldeko aktore guziekin elkarlanean ari gira.

    Croix des Bouquets proiektua, Urruñan kokatua den hondakin geldoen metatzeko plataforma bat da.
    Bertan hondakin geldoak balioztatu eta metatuko ditugu, hala nola obra hondakinak, betoia, adreiluak eta zeramika puskak.

    Magali Lartigue

    Bil Ta Garbiren, hondakin geldoen misio karguduna

    Zoin dira aipatzen duzun eskema nagusiaren helburuak?


    ML:
    “Hondakin geldoen eskema nagusia, Bil Ta Garbik du eramaten. Horren eraikitzeko, aktore ainitz biltzen dituen komite bat sortu du, Estatuaren zerbitzuak, Departamendua, Euskal Hirigune Elkargoa, hiri planifikazioaren eskuduna, laborantza munduko aktoreak, eraikin obren federazioa, ingurumenaren babesarentzat ari diren elkarteak…
    Hiru ardatz ditu:

    • Hondakinen prebentzioa eta eko kontzepzioa, bertako ekoizpena eta ekai birziklatuen erabilpena bultzatuz obretan, ekonomia zirkularra dinamika baten segituz;
    • Hondakinen kudeaketa, horien metatze leku basatien aurka borrokatuz eta lurraldeak behar dituen legediaren araberako birziklatze edota metatze gune legalak antolatuz. Sail hortan da gune horren eskema sartzen, eskema orokorraren parte bat baizik izanik.
    • Erosketa eta Merkatu Publiko Arduradunak: ekonomia zirkularra eta hondakinen kudeaketa egokiaren alde obra publikoetan, ekai birziklatuak erabiltzeko klausulak gehituz.
      Laburbilduz, helburua, guttiago ekoiztea, eta ekoiztutakoa hobekiago kudeatzea da. Hemen ere “hondakin hoberena ekoizten ez duguna da” aplikatzen da.
    La Croix des Bouquets - Bil Ta Garbi